Gobierno Vasco

IKT IKASTETXE EREDU

 

Hezkuntza sailak ikastetxeei eskainitako proiektu bat da.

Ikastetxeen heldutasun-eredu bat eta eredu hori ebaluatzeko metodo bat garatu dira, ikastetxe bakoitzaren digitalizatze-maila zehazteko eta hobetzeko.

Ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua zehazten duten prozesuak hauek dira:


Irakas-prozesuak: irakasleen irakas-jarduerari lotutako prozesuak dira, bai ikasgelan ematen direnak, bai ikasgelatik kanpokoak.

Administrazio-prozesuak: ikastetxean era sistematiko eta zentralizatuan gauzatzen diren prozesuen multzoa, irakasleen irakas-jarduerarekin erlazio zuzenik ez duena.

Informazio- eta komunikazio-prozesuak: ikastetxearen eta hezkuntza-komunitatearen arteko komunikazioarekin zerikusia duten prozesuak dira.


Eredua hiru mailatan egituratuta dago, eta pixkanaka gora egiten du ikastetxeko prozesuen digitalizatze-mailak, baita irakasleen inplikazioak ere, IKTen erabilerari erreparatuta.

Oinarrizko maila: trebatzea eta erabiltzea. Maila honetan jotzen da ikastetxeak badituela Premia planak xedatutako azpiegiturak, baita  oinarrizko baliabide telematikoak ere, irakas- eta administrazio-materialen digitalizatzeari ekiteko.Ikastetxean eskura dauden baliabide informatikoak (IKT gelak, ordenagailuak ikasgeletan, arbel digitalak, multimedia proiektagailua eta abar) erabili ohi dituzte irakasleek.

Hezkuntza-komunitatearekiko harremanetan baliabide telematikoak erabiltzen hasten dira, bai Sailak jarritakoak, bai ikastetxeak hartu dituenak (siteak, blogak, web orriak, posta elektronikoa eta abar), aldi batez soluzio tradizionalekin batera funtzionatu arren. Horretarako, kalkulatzen da ikastetxeko lanpostuen zerrendako irakasleen ehuneko 70ek erabiltzen dituztela IKTak ikasgelan (hasierako soslaia) eta ehuneko 30 baliabide telematikoekin eta web 2.0 baliabideekin lanean jarduteko gai direla (soslai ertaina).

Maila ertaina: ikasgela digitalizatzea. Ikastetxeak bere azpiegiturak, tresna telematikoak, eta pedagogia- eta administrazio- baliabideak antolatu ostean, ikasgelan egin behar dira ahalegin guztiak, IKTak erabil daitezen curriculumeko eremu bakoitza lantzeko garaian.Ikasgai bakoitza lantzeko IKTen eta batez ere Interneten erabilpena hedatuko da, eta ikasgelek teknologia-hornidura iraunkorra izango dute,  egunero erabiltzeko. Horretarako, kalkulatzen da ikastetxeko lanpostuen zerrendako irakasleen  ehuneko 80k erabiltzen dituztela IKTak ikasgelan (hasierako soslaia) eta ehuneko 50 baliabide telematikoekin eta web 2.0 baliabideekin lanean jarduteko gai direla (soslai ertaina).

Ikasleek eta familiek on line eskura ditzakete ikastetxeko informazio jakin batzuek edota ikasgaiei buruzkoak (esate baterako, ikastetxearen webgunean, taldearen webgunean, buletin elektronikoetan, blogetan eta abarretan begiratuta). Informazioa, funtsean, norabide bakarrekoa da. Ikastetxeak IKT gelak eta baliabideak zabalik ditu hainbat orduz, eskola-orduetatik kanpo, hezkuntza-komunitateak erabil ditzan.

Maila aurreratua: ikasgela eta ikastetxea birtualizatzea. IKTak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuaren zati dira, era naturalean. Ikastetxeak, bere proiektuan eta dagokion autonomiaren barruan, aurreikusiko du irakasle guztiek eremu guztietan erabiliko dituztela IKTak, eta baliabide telematikoak gero eta gehiago erabiliko direla, ikastetxean emandako espazioaren kontzeptua eta ikasgaiei dagokien denbora birtualki zabal dadin.Espazioaren eta denboraren kontzeptua eskola-orduetatik haratago doa; horrenbestez, hezkuntza-plataformen bidez (teleprestakuntza, blogak, extranet, wikiak...), ikasgelako ateak zabaltzen dira, kanpora begira, eta ikasleek eta familiek baliabide gehiago dituzte eskura, edozein garaitan, eskolara joate hutsarekin lortzen ez direnak. Horretarako, kalkulatzen da ehuneko 80k erabiltzen dituela baliabide telematikoak (soslai ertaina) eta ehuneko 50 ikasteko inguru birtualekin lanean jarduteko gai direla (goi-mailako soslaia).

Ikastetxeak hezkuntza-plataforma bat dauka, Internet bidez erabil daitekeena, eta hezkuntza-komunitateko gainerako eragileekin komunikazio iraunkorra eta noranzko bikoa izatea bideratzen duena.

 

 

© ignaciozuloagabhi
Telefonoa: 943208349 | Fax: 943206048 | 012055aa@hezkuntza.net